Urtero legez, abenduaren hasieran ospatu da aurten ere Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Abenduaren 4tik 8ra bitartean, euskal kulturaren erakuslehio nagusi bihurtu den azoka honek bere 46. edizioa ospatu du. Bost egun hauen ostean, azokaren ajeak pasatuta, balantzea egiteko ordua heldu da, aurtengo edizioaren gorabeherak aztertzeko unea eta etorkizuneko erronkei begiratzeko momentua.
Datuen arabera, 130.000 bisitari pasatu dira Durangotik aurten. Beraz, azken urteotako joerari eusteko gaitasuna agertu du azokak. Egunik nabarmena asteartea (abenduak 6) izan zen, 40.000 pertsonatik gora bertaratu baitziren. Landako gunean sartu-irtenak zenbatzeko neurgailuek emandako datuak dira hauek.
Hainbat berrikuntza ekarri ditu azokaren 46. edizio honek. Landako gunean, hots, azokaren ohiko kokalekuan, 274 stand jarri dituzte aurten, 400 nobedadetik gora aurkezteko. Landako gunea, baina, txiki geratu zaio azokari. Iaz “Ahotsenea” izeneko gune berri bat sortu zen, sortzaileek (idazle, musika talde, abeslari, poeta…) espazio berri bat izan zezaten, euren lana ezagutarazteko. Aurten nabarmen sendotu da, 150 ekitaldi egin baitira bost egunetan zehar.
Baina hiru gune berri ere ekarri ditu aurtengo azokak: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@. Irudienean ikus-entzutezko munduan dabiltzan sortzaileei egin zaie lekutxoa, euskararen normalizazioan beharrean dabiltzanen lanak ezagutaraziz. Szenatokiak ere harrera paregabea izan du. Euskarazko antzerkiaren plaza den ekimen honek Durangoko San Agustin kulturgunea izan du kokaleku, eta Landakotik urrun samar egon arren, aurreikuspenak bete ditu. Azkenik, Kabi@ izeneko gunean, teknologia berriei leku propioa egin zaie, hala nola mugikorren aplikazioei, euskarazko Wikipediari…
Hori gutxi balitz, Durango bera ere azokaren uretan murgildu da. Plateruena Kafe Antzokiak, esaterako, hainbat kontzertu, ekitaldi, aurkezpen… prestatu ditu azoka egunetarako, eta aurreikuspen guztiak gainditu ere.
Jon Irazabal Azokako zuzendariaren esanetan, “Euskal sorkuntza ez dago krisian”. Salmentak ere sasoi onean daude. Besteak beste, liburuetan Joseba Sarrionandiaren ‘Moroak gara behelaino artean?’ izan da libururik salduena, Harkaitz Canoren ‘Twist’ liburuarekin batera. Musikari dagokionez, zalantzarik gabe, Berri Txarrak-en ‘Hariak’ lan berria izan da salduena.
Gerediaga Elkarteko arduradunak pozarren agertu dira Azokak izandako harrerarekin, eta garai eta erronka berriei egokitzeko asmoz, azkenengo 30 urtetan zuzendari lanetan ibilitako Jon Irazabalek lekukoa pasatu dio gaurtik aurrera ofizialki Azokaren zuzendari berria denari, Aiert Goenagari. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko gogotsu lan egingo duela adierazi du jada Goenagak.
Hemendik ere, eskerrik beroena eman nahi diogu Jon Irazabali, egindako lan guztiagatik, eta Aiert Goenagari zorte ona opa diogu hasi berri duen bide honetan. Hurrengo urtera arte!!
